Artikulu honetan hotelak merke erreserbatzeko eta beherapenak lortzeko trikimailu erraz bat erakutsiko dizut. Hotelak online erreserbatzeko bi aukera hedatuenak alderatuko ditugu, bakoitzaren abantailak ikusi eta bien prezio arteko desberdintasunaren jatorria ezagutuko dugu. Artikuluaren amaieran argi izango duzu zein den hotelak merke erreserbatzeko aukerarik hoberena.
Onartu beharra daukat: nik ere ordu luzeak igaro ditut webgune desberdinak arakatzen hotel preziorik hoberena duen orrialdearen bila. Segur aski, hondartza pareko hotelak txorizo ogitarteko baten prezioan eskaintzen dituzten webguneen kondairek bultzatu naute horretara. Kontua da sekula ez ditudala orrialde hauek topatu eta betiko lekuetan erreserbatzen jarraitzen dudala.
Nik bezala, jende askok leku ezagunera jotzen du eta betiko webguneetan erreserbatzen du ostatua. Kasu hauetan, Booking eta hotel bakoitzren web orrialdea publiko orokorraren aukera gustukoenen artean daude. Bookingek hoteletan beherapen eta prezio onenak dituela iragartzen du, baina aukerarik hoberena al da beti? Goazen ikustera.
Booking edo hotelaren webgunea?
Bookingek nagusitasun osoa du Europar meraktuan eta beti eskaintzen ditu prezio lehiakorrak beste erreserba-orrialde batzuekiko. Helmugako bilaketak egiteko aukera ezin hobea da duen ostatu aniztasunagatik, eta bere tresna digitalek bilaketa oso zehatzak egitea ahalbidetzen dute. Gainera, Genius fidelitate programa propioa dauka, eta beherapen handietarako sarbidea eskura daiteke ostatu jakin batzuetan. Hau guztiagatik eta bere ibilbideagatik, Booking oso aukera hedatua, segurua eta eraginkorra da hotelak eta ostatuak erreserbatzeko.
Hala eta guztiz ere, gustuko ostatua aukeratu ondoren, hotelaren webguneak berak beste edozein orrialdek baino baldintza hobeak eskaini ohi ditu. Are gehiago, hotelaren web orrialdea Bookingekin alderatze hutsarekin %15era arteko beherapena eskuratu daiteke. Desberdintasun hau are handiagoa izan daiteke Booking ordez beste erreserba webgune batzuekin alderatuz gero.

Hau ez da beti gertatzen eta beherapenaren ehunekoa ez da beti berdina, baina orokorrean preziorik merkeena hotelaren webgunean topatuko dugu. Aldea hain izan daiteke handia, prezio desberdintasuna begiratzeko minutu pare bat hartzeak merezi duela inongo zalantzarik gabe.
Zergatik da merkeagoa hotelaren webgunean erreserbatzea?
Prezio desberdintasuna “komertzializazio kostuek” eragiten dute; hau da, Booking eta antzeko erreserba webguneek bitartekari lanengatik jasotzen dituzten komisioek. Goazen hau azaltzera:
Bookingek bere bitartez egiten den erreserba bakoitzaren zenbatekoaren %10 eta %25 arteko komisioa jasotzen du (salbuespenak daude, aurrerago ikusiko ditugu). Oso ohikoa da %15 jasotzea. Beste erreserba webgune ezagun batek, Expediak, normalean %17-%18 arteko komisioa ezartzen du.
Demagun hotel batek %15eko komisioa adostu duela Bookingekin, eta 120€-ko (BEZ-a kanpo) erreserba bat egiten dugula bertan. 18€ Bookingentzat doaz zuzenean eta gainerako 102€-ak hotelarentzat. Hortaz, hotel honi diru sarrera berberak ekarriko dizkio bere web orrialdean 102€-tan saltzeak eta Booking bidez 120€-tan saltzeak.
Hotel honek 102€-ko prezioa ezarri ordez, 110€ kobratu lezake bere web orrialdean. Honela, Bookingekiko 10€-ko beherapena eskaintzen du eta aldi berean bitartekari bidez salduta baino diru gehiago jasoko du.
“Bookingek bere bitartez egiten den erreserba bakoitzaren zenbatekoaren %10 eta %25 arteko komisioa jasotzen du”
Ostatu eta hotelentzat oso garrantzitsua da bitartekariekiko menpekotasun txikia izatea. Horregatik da hain interesgarria hotelentzat webgune propioan baldintza hoberenak eskaintzea, diru sarrera gehiago izateko eta bezero zuzenak lortzeko.
Hotelaren webgunean erreserbatzearen beste abantaila batzuk
Hotel baten prezioan %15 aurreztea nahikoa arrazoi da gutxienez bere web orrialdeari begiratu bat emateko. Hala ere, hau ez da arrazoi bakarra: badaude oso kontuan hartu beharreko beste abantaila batzuk.
Hotel batzuk bere web orrialdean inongo beherapenik ez eskaintzea erabakitzen dute, eta beste abantaila batzuen bidez saiatzen dira bezero zuzenak erakartzen. Beste hotel batzuk aldiz, beherapenak eta abantailak elkarrekin uztartzen dituzte salmenta zuzena indartzeko.
Hotelaren webgunean erreserbatzeagatik jasotzen den abantaila ohikoena erreserba ezeztatzeko edo aldatzeko baldintza hobeak izaten dira. Hortaz gain, oso ohikoa da beherapenak izatea hoteleko zerbitzuetan: room servicean, jatetxean, aparkalekuan, span… Hala ere, hotel batzuk urrunago doaz eta eskaintza hobeak dituzte: gosariak dohainik, aparkalekua dohainik, early check-in eta late check-out debalde, ongi etorriko cocktailak edo ordainpeko zerbitzuetara sarbidea doan, adibidez.

Hau guztiaz gain, nire iritziz oso garrantzitsua da erreserba zuzenean hotelarekin kudeatu ahal izatea. Bitartekari batekin erreserbatzean, edozein aldaketa bitartekariaren plataforman egin behar da eta hotelak ez du erreserbaren gaineko erabateko kontrola.
Arazoren bat sortzen denean eta aldaketa bat egin edo erreserba bertan behera utzi behar denean beti da errazagoa hotelera deitu eta beraiekin konpontzea. Mesede bat eskatzeko ere (aldaketak dataz kanpo, adibidez), segur aski ulerkorragoak izango dira erreserba zuzenean hotelarekin eginda badago.
Salbuespenak
Nahiz eta ostatu gehienek baldintza hoberenak webgune propioan dituzten, hau ez da beti gertatzen. Hotel batzuk prezio berdina mantentzen dute webgune propioan eta Bookingen, eta beste batzuk bitartekariei ematen dizkiete baldintza onenak. Honen atzean arrazoi desberdinak daude:
Beherapenak bitartekarietan
Beherapenak bitartekarietan. Batzuetan erreserba portalek (Booking, Expedia…) beherapenak eskaintzen dituzte fidelitate programen bidez. Beherapenak eskaintzeko bitartekariek bere komisioaren ehunekoa murrizten dute. Prezio merkeagoak (eta lehiakorragoak) dituzte komisio txikiagoa jasotzearen truke. Honek eragin lezake bitartekariek eta hotelaren webguneak prezio berdina izatea, baita bitartekariek prezio merkeena izatea ere.
Ostatu txikiak
Hotel txiki batzuk ez dute erreserba webgune propiorik, edo baldin badute ere, ez dute eraginkorra izateko beste landu. Kasu hauetan oso ohikoa da Booking eta beste bitartekari batzuk izatea erreserba iturri nagusia eta bertan iragartzea baldintzarik onenak.
Estrategia
Hotel batzuentzat bezero mota batzuk besteak baino interesgarriagoak dira. Horregatik, baldintza hobeak iragartzen dituzte erreserba bitartekari jakin batzuetan, bezero profil zehatz batzuen erreserbak bultzatzeko asmotan.
Prezio berdintasunaren kontzeptua
Duela urte gutxira arte, prezio berdintasunaren kontzeptua oso errotuta zegoen hotel industrian. Pentsamolde honek salmenta kanal guztietan (bitartekariak eta propioak) prezio berbera iragartzea justifikatzen zuen, bezeroaren esperientzia ez kaltetzeko. Pentsamolde hau pixkanaka desagertuz joan da, baina bada honela pentsatzen jarraitzen duenik. Hau dela eta, oraindik posible da prezio berdintasuna topatzea.
Ondorioak
Ikusi dugunez, nahiz eta Booking aukera bikaina izan hotelak bilatu eta erreserbatzeko, preziorik merkeena hotelaren web orrialdean dago gehienetan. Gainera, hotela zuzenean erreserbatzeak beste abantaila batzuetarako sarbidea eman diezaguke.
Orduan, non erreserbatu behar dut? Helburua baldintzarik onenak topatzea bada, bilaketa Bookingen egin eta prezioa hotelaren web orrialdearekin alderatzea ekintza erraz, azkar eta oso eraginkorra da. Alderatu ondoren, besterik gabe aukeratu gehien komeni zaizuna.
Artikulu hau laburtzeko, esan genezake hotelak merke erreserbatzeko webgunerik onenaren bila bazabiltza, segur aski hotel bakoitzaren web orrialdea dela orrialde hori.

