Artikulu honetan 0tik eta pausoz pauso azalduko dizut nola erabili Booking.com hotelak eta bestelako ostatuak erreserbatzeko. Gidaliburu hau hutsetik hasten da eta aurretik Booking erabili ez duten edo tresna honekin ondo moldatzen ez diren pertsonei bideratuta dago. Hasteko, Booking.com zer den eta bere ingurunea nolakoa den ikusiko dugu, eta jarraian pausoz pauso erreserba bat nola egin ikasiko dugu: hotelen bilaketa, emaitzak ikusi, iragazkiak erabili, gela eta prezio aukeraketa eta amaitzeko, erreserbaren baieztapena jasotzea eta erreserba aldatzea.
Mundu guztiak erreserbatzen du Bookingen. Zure lagunek, zure lehengusuak, asteburuan Parisera joan diren bizilagunek ere hotela Bookingen hartu dute. Webgune hau hain da famatua jende askok bertan soilik erreserbatzen dituela hotelak.
Baina zerk egiten du hain berezi eta hain erabilgarri hainbeste jenderentzat? Booking ostatuak erreserbatzeko munduko webgunerik handiena da, baita milioika bidaiariren gustukoena ere bere aukera zabalagatik, erabiltzeko erraztasunagatik, prezio lehiakorrengatik eta une oro beherapenak eskaintzeagatik. Jarraian, nola erabili ikasiko dugu, zuretzat ere erraza, azkarra eta eraginkorra izan dadin hotelak erreserbatzea.
Zer da Booking.com?
Has gaitezen hasieratik. Zer da zehazki Booking.com? Booking.com online bidaia agentzia edo OTA (Online Travel Agency ingelesez) bat da; hau da, digitalki bakarrik lan egiten du, ez du bezeroen arretarako bulego fisikorik. Munduko online bidaia agentziarik handiena eta ezagunena da eta gaur egun denetariko zerbitzuak saltzen ditu, izan ostatuak, hegaldiak, alokairuko autoak edo txangoak, besteak beste. Booking Holdings enpresa taldean integratuta dago. Talde hau beste erreserba webgune ezagun batzuen jabe ere bada, adibidez Rentalcars, Kayak edo Agoda, baina zalantzarik gabe, Booking.com da beraien marka izarra.
Booking hain famatu egiten duena da mota guztietako (hotelak, apartamentuak, aterpetxeak..) 31 milioi ostatu eskaintzen dituela webgune bakarrean, munduko 220 herrialdetan presentzia duelarik; hau da, mundu osoan. Gainera, bilaketa oso zehatzak egiteko tresna digitalak barneratuta ditu eta salneurri oso lehiakorrak ditu herrialde gehienetan. Hau gutxi balitz, bezeroen arreta zerbitzua 24 orduz dago martxan 45 hizkuntzatan eta nahiko ona da, beti saiatzen dira bezeroaren interesen alde egiten. Elementu guzti hauek elkartuta uler daiteke Booking.com bidaiari askoren webgune gogokoena izatea hotelak erreserbatzeko; izan ere, aukera zabala eta fidagarritasuna eskaintzen dituen tresna on bat da.
Segurua da Booking?
Bai, Booking.com segurua da hotelak erreserbatzeko, eta urtero milioika bidaiarik berresten dute ideia hau beraien iruzkin positiboekin. Webgunean ikusgai dauden tarifak zuzenean Booking eta hotelaren artean adostuak izan dira, eta salbuespen gutxi batzuk kenduta, ez dago bitartekaririk hotela eta Bookingen artean. Honek esan nahi du Bookingek erreserben kontrola duela eta zure datu pertsonalak ez direla beste bitartekari batzuen eskuetatik igaroko.
Nire esperientzia profesionalean oinarrituta, Booking.com oso fidagarria da, batez ere hotelak erreserbatzeko. Iragarritako prezioak errealak dira, ostatuen deskribapenak zuzenak dira, ez dago ezusteko kargurik Bookingen aldetik eta emandako datu pertsonalak erreserba egiteko eta kontakturako soilik erabiltzen dituzte.
Nola erreserbatu hotelak Bookingen
Booking.comen ostatuak erreserbatzea erraza da, jarraian azalduko ditugun pauso gutxi batzutan egin daiteke. Ideiak argi izanez gero, erreserba bat egitea 10 minutuko gauza da. Nik gehiago behar izaten dut leku bakoitzeko aukera guztiak ondo begiratzea gustatzen zaidalako, baina hori norberaren pazientziaren araberakoa da.
Erreserba bat egiteko, internetera sarbidea duen gailu batez gain, ondorengoa beharko duzu:
- Email helbide bat eta telefono zenbaki bat: Booking edo hotela zurekin harremanetan jartzeko, beharko balitz.
- Banku txartela: erreserba bermatzeko edo/eta ordainketa burutzeko, erreserbaren baldintzen arabera.
Hau eskura duzunean, prest zaude Booking.comen sartzeko.
Hasierako orria eta bilaketa
Webgunean sartutakoan, ikusiko dugun lehenengo gauza hasierako orria da:

Orrialde honetan elementu asko ditugu, hala nola helmuga iradokizunak, eskaintza bereziak eta Bookingen askotariko zerbitzuak. Hala ere, hau oinarrizko gidaliburu bat izanik, ostatuak erreserbatzeko oinarrizko pausuetan jarriko dugu arreta, beste aukerak albo batera utziz.
Egin beharreko lehenengo gauza hizkuntza eta moneta egokitzea da. Ezarpen hauek, ordenagaluan, goiko aldean topatuko ditugu. Zoritxarrez, euskara ez dago hizkuntza aukeren artean, beraz, webguneko erreferentziak gaztelaniaz egingo ditut. Pixka bat beherago, Bookingek eskaintzen dituen zerbitzu desberdinen zerrenda daukagu, guk gazteleraz “Alojamiento” sakatuta utziko dugu.

Oinarrizko ezarpen hauen ondoren ostatu bilatzailera joko dugu, orriaren erdian kokatuta. Bilatzaile honen bitartez Bookingen ostatu eskaintzara sartuko gara guk nahi ditugun irizpideak ezarriz. Bilatzaile honek betetzeko 3 kutxa ditu.
Helmuga
Kutxa honetan adierazi behar dugu non bilatu nahi dugun ostatua. Hotela aurretik aukeratuta badaukazu, bere izena zuzenean idatzi dezakezu eta zuzenean eramango zaitu eskaintzen dituen tarifak ikustera.
Ez baduzu ostatua aurretik aukeratuta, leku baten izena idatzi dezakezu (adibidez, hiri bat) eta bertako ostatu eskaintza osoa ikusi. Ohikoena hiri bat, herri bat, eskualde bat edo kostalde bat bilatzea da, emaitzak ahalik eta zehatzenak izan daitezen. Probintziaka edo lurraldeka bilatzea zabalegia izan daiteke, emaitza kopurua oso handia izango da eta segur aski ostatu gehienek ez dute bilatzen duzuna izango. Aldiz, hiri baten gune oso zehatz batean bilatu nahi bada, ideia ona da auzoaren edo gunearen izena idaztea, Bookingek bertako ostatuak soilik erakutsiko baititu.
Helmuga bilatzailean idazterakoan, helmugarekin lotura duten iradokizun batzuk agertuko dira. Emaitza zehatzagoak lortzeko klikatu bilatzen duzunera egokitzen den iradokizun hauetako batean.

Datak
Kutxa honetan ostatua bilatzeko datak adierazi behar ditugu. Kutxan klikatuta datak aukeratzeko egutegi bat zabalduko da. Bookingek aukera ematen du data zehatzekin edo data malguekin bilaketak egiteko.
Gidaliburu honetan oinarrizkoa soilik azalduko dugu, beraz Calendario atalean geratuko gara bilaketa data zehatzekin egiteko. Bertan zaudelarik, klikatu hotelera sartzeko aukeratzen duzun dataren gainean eta klikatu beste behin hoteletik atera nahi duzun egunean.
Uztailaren 7tik 14rako egonaldi bat aukeratuz gero, honelakoa litzateke:
Check-in eguna: uztailak 7
Check-out eguna: uztailak 14
Azken gaua: uztailaren 13ko gaua

Pertsona eta gela kopurua
Azken kutxan pertsona eta gela kopurua zehaztuko ditugu. Kutxa oso sinplea da. Lehenik, ostatu hartuko duten heldu eta ume kopurua adierazi. 18 urte azpitik, denak umetzat hartzen ditu Bookingek, baina bilaketa zehatz bat egiteko ume bakoitzaren adina jarri behar da.
Jarraian, idatzi behar dituzun logelen kopurua. Garrantzitsua da hau ondo betetzea hotel bat bilatzen baduzu, baina apartamentu bat, etxe bat edo antzeko zerbaiten bila bazabiltza logela bakar bat jarri dezakezu, ez du eraginik izango emaitzetan.

Azkenik, maskotekin bidaiatzen duzun ala ez adierazteko kutxatxo bat ikusiko duzu. Kontuan hartu beharreko xehetasuna da hau, ostatu guztiek ez baitituzte onartzen.
Guzti hau bete ondoren, sakatu “Buscar”.
Emaitzak eta tresnak
Bilaketa egin ondoren, Bookingek emaitzen orrialdera eramango gaitu, bilatzaileari emandako irizpideekin bat egiten duten ostatu guztiak erakutsiz. Orrialde honetan hotel aukerak begiratu eta zein erreserbatuko dugun aukeratu behar dugu. Eskuragarri dauden ostatuen zerrendaz gain, zerrenda hau mugatu eta emaitza zehatzagoak lortzeko tresnak ere baditugu hemen.

Ostatuen zerrenda
Eskuragarri dauden ostatuen zerrenda da emaitzen orrialdearen zatirik garrantzitsuena. Bookingek bilatutako irizpideekin bat datozen eta bere plataforman eskuragarri dauden ostatu guztiak eskainiko ditu. Honek esan nahi du posible dela bilatutako gunean ostatu gehiago egotea, baina bilatutako datetan logelarik libre ez izatea.
Zerrenda honetan hotel bakoitza laukitxo batean agertzen da oinarrizko informazioarekin batera. Ikus dezagun adibide bat:

Laukitxoan ostatuari eta egonaldiaren baldintzei buruzko oinarrizko informazioa topatuko dugu:
- Oinarrizko informazioa: Ostatuaren izena, argazki bat eta kategoria. Kategoria izarretan agertzen bada, hotel bat den seinale. Ez badago izarrik, sakonago begiratu beharko litzateke zer ostatu mota den.
- Kokapena: Ostatuaren kokapenaren xehetasunen bat (hiriko gunea, auzoa, herriaren izena…) eta normalean, erreferentziazko leku ezagunago batera dagoen distantzia (hiri erdigunea, aireportua, hondartza…).
- Balorazioa: Bezeroek ostatuari emandako balorazioen batez bestekoa 1etik 10erako eskala batean. Zenbat balorazio jaso dituen ere agertzen da. Geroz eta balorazio gehiago jaso, orduan eta objektiboagoa izango da, eta geroz eta nota altuagoa izan, orduan eta hobea ostatua. Erreferentzia gisa, Bookingen 7tik beherako nota duten ostatuak txartzat hartzen dira. Aurrerago sakonduko dugu balorazioen kontuan.
- Prezioa eta egonaldia: Bilatutako irizpideekin bat egiten duen preziorik baxuena agertzen da. Honek esan nahi du, segur aski hotelak tarifa garestiagoak ere eskainiko dituela (gela hobeak, erreserba aldatzeko baldintza malguagoak…). Hala ere, erreferentzia ona da zer prezio tarte espero behar dugun jakiteko. Atal honetan, batetik, gela mota agertzen da eta, bestetik, egonaldi osorako prezioa.
Bilaketa tresnak
Bookingek eskuragarri ditu zenbait tresna oso erabilgarri zure ostatu perfektua (existitzen bada behintzat) azkarrago aurkitzeko. Tresna hauek emaitzen orrialdean bertan daude eta jarraian ikusiko dugu zein diren eta nola erabili eraginkorrak izan daitezen.
Emaitzak ikusteko aukerak
Ostatuen zerrenda 3 modu desberdinetan ikusteko aukera daukagu. Bookingek lauki handitan ikustea lehenetsiko du aurretik aipatu bezala, baina beste bi modu daude.
Goialdean, eskuinean, Listatik Tablara igarotzeko aukera daukagu. Taulak begiratu batez ostatu gehiago ikusteko aukera ematen du, informaziorik galdu gabe. Gustu kontua da bat edo beste erabiltzea.

Bestalde, orriaren goialdean ezkerrean, ostatuak mapa gainean ikusteko aukera dugu. Oso erabilgarria da erreferentziazko puntu batetik gertu (museo bat, monumentu bat, kirol estadio bat…) ostatuak bilatzerako garaian, batez ere gune horretan ostatu asko ez badaude. Aldiz, ez da erabilgarria ostatu asko dituzten eremu handitan bilatzeko, gehienak ez baitira mapan agertuko.

Emaitzak ordenatzeko aukerak
Bookingek, guk aldaketarik egin ezean, ostatuak ordenatzeko “Nuestros Destacados” deritzon irizpidea erabiliko du, eta ondorengo oharra erakutsiko du irizpideari buruz:

Argi esanda, komisio gehien ordaintzen duten ostatuak lehenago agertuko dira emaitza zerrendan.
Hala ere, Bookingek ostatuak ordenatzeko irizpidea aldatzeko aukera ematen digu eta oso erabilgarria izan daiteke egoera batzuetan. “Ordenar por”-en klikatuta, emaitzak ordenatzeko aukera desberdinak ikusiko ditugu, goazen batzuk aztertzera:
- Prezioa: Ostaturik merkeenak edo garestienak lehenesteko aukera ematen du. Nire iritziz, Bookingen tresnarik hoberenetakoa hotel merkeak edo hotel onak aurkitzeko.
- Balorazioa: Emaitzak balorazioaren arabera ordenatzen ditu, onenak lehenago erakutsiz. Zerbitzua orokorrean eskasa den helmugetan oso baliagarria izan daiteke.
- Puntu batekiko distantzia: Erreferentzia puntu batekiko distantziaren arabera ordenatzen ditu ostatuak, esaterako hiri erdigunea edo hondartza bat. Hotelak mapan bilatzearen alternatiba bikaina.
- Balorazio onena eta prezio baxuena: Prezio-kalitate harremana kontuan duen irizpidea. Emaitzak balorazio eta prezio irizpideak nahastuta ordenatzen dira, onenak lehenetsiz. Interesgarria izan daiteke ostatu aukera oso zabala duten helmugetan, baina egia da beti ez direla emaitza esanguratsuak lortzen.
Iragazkiak
Iragazkiak (filtros gazteleraz) emaitzak mugatzeko Bookingen tresnarik indartsuena dira. Emaitza orrialdearen ezkerraldean agertzen dira, eta aktibatu besterik ez dira egin behar emaitzak automatikoki eraldatzeko. Iragazki ugari daude, eta hoberena denei begiratu bat egitea da gustukoak izan daitezkeenak aurkitzeko. Garrantzitsuenak ikusiko ditugu:
- Prezio tartea: Gau bakoitzeko duzun aurrekontua ezartzeko aukera ematen du. Honek esan nahi du, 4 gaueko egonaldi bat bilatu baduzu, adierazitako prezio tartea bider 4 egingo dela, eta prezio tarte horretan sartzen diren ostatuak soilik agertuko dira emaitzetan.
- Ostatu mota: Hotelak, aterpetxeak, apartamentuak, etxe osoak… aukeratu ditzakezu. Gaur egungo eskaintza zabala kontuan hartuta oso erabilgarri bilakatu da iragazki hau. Zer bilatzen duzun argi baduzu, zalantzarik gabe erabili beharrekoa.
- Balorazioa: Gutxieneko balorazio bat ezartzen du, hortik behera baloratuta dauden ostatuak ezabatuz. Oso aproposa batez ere hoteletan.
- Hiri erdigunera distantzia: Hiri erdigunera dagoen gehieneko distantzia adierazi dezakezu hiri kanpoaldean geratzen direnak emaitzetatik ezabatzeko. Adibidez, 3km baino gutxiago erdigunera. Ongi dago ostatu merkeak bilatzeko erdigunetik gehiegi aldendu gabe.
- Zerbitzuak eta instalazioak: Ezaugarri zehatz bat bilatzen denean erabiltzeko aproposa, ostatu mota guztietarako balio du. Oso erabiliak dira igerilekua, gimnasioa, 24 orduko arreta, jatetxea edo itsasora begira bistak izatea bezalako iragazkiak.
Iragazkiekin amaitzeko, niri oso ondo datorkidan konbinaketa bat proposatzen dizut hiri erdiguneetan hotel onak aurkitzeko:
Prezio tartea (zurea ezarri), ostatu mota: hotelak, kategoria: 3-4 izar, balorazioa: 8 edo gehiago, erdigunetik distantzia: 3km baino gutxiago.

Tresna hauek ezagututa, gai zara emaitzen zerrendan barrena ibiltzeko eta zure beharretara gehien egokitzen den ostatua aukeratzeko. Aukeratutakoan, klikatu ostatuaren laukitxoaren gainean eta beste orrialde bat zabalduko da informazio guztiarekin.
Gelak eta tarifak
Ostatua aukeratu ostean, bere gainean klikatu eta ostatuaren informazio gehiago duen orrialde berri batera iritsiko zara. Orrialde honen itxura honelakoa da:

Orri honetan zehar informazio asko aurkituko dugu, hala nola, ostatuaren argazkiak, kokaleku zehatza mapan, deskribapen orokor bat, eskainitako zerbitzuak, balorazioak eta askoz gehiago. Ez gara honi buruzko xehetasunetan sartuko, baina balorazioen atalean aldiz sakonduko dugu.
Orriaren eskuinaldean hotelaren balorazioa ikusiko dugu. Bertan klikatuta balorazioen laburpen bat zabalduko da, denboran zehar bezeroek utzitako iruzkin guztiekin batera:

Orritxo hau oso baliagarria da ostatuaren alderdi onak eta txarrak zein diren ondo ulertzeko. Adibidez, gerta liteke hotel batek oso balorazio txarra izatea garbiketan, baina bere kokapen bikainak orekatzea, eta ondorioz garbiketa eskasa balorazio orokorrean ez islatzea.
Bezeroen iruzkinak begiratzea ere gomendagarria da, askotan puntuaketa soil batek baino askoz gehiago esaten baitute. Niri iruzkin berrienak irakurtzea gustatzen zait esanguratsuenak iruditzen zaizkidalako. Bestalde, erabilgarria izan daiteke iruzkin okerrenak bilatzea eta ikustea ea berriak diren edo errepikatzen diren kexak ba ote dauden. Iruzkinak gaika sailkatu ditzakezu, adibidez gosariari edo garbiketari buruzkoak, gai zehatz batek kezkatzen bazaitu.
Ostatuaren informazio orokorra gainbegiratu ondoren, pixka bat jaitsita, gela aukeraketara iritsiko gara.
Gela mota aukeratzea
Gela mota aukeratzeko laukitxoa hotelaren deskribapenaren azpian dago. Lauki berean, tarifa mota aukeratu ahal izango duzu. Momentuz, laukiaren ezkerraldean geratuko gara, gela mota aukeraketan. Laukian gora eta behera joanda, zure egonaldiko datetan libre dauden gela mota desberdinak ikusiko dituzu. Oso garrantzitsua da zein gela mota aukeratzen duzun ondo begiratzea ezustekoak saihesteko.
Kutxatxo bakoitzaren gainaldean gela motaren izena ikusiko duzu urdinez idatzita. Bertan klikatuta gela mota horren argazkiak azalduko dira, nolakoa den irudikatzeko. Izenaren azpian ohearen deskribapen bat dago, ohe txiki bat, ohe bikoitza, bi ohe txiki… batzuetan ohe mota aukeratu daiteke, bestetan ez. Beheraka jarraituz, gelaren ezaugarrien eta zerbitzuen deskribapen bat dago. Nire ustez, datu garrantzitsuena gelaren tamaina da, ia beti jartzen dute. Ondo begiratu beharreko zerbait da, alde handia baitago 12m2-ko edo 22m2-ko gela batean egotearen artean.

Gela bakoitzaren ezaugarriak eta prezio desberdintasunak kontuan izanda, aukeratu zure beharretara gehien egokitzen den gela.
Tarifa aukeratzea
Koadro berean baina eskuinaldean tarifak aukeratzeko laukia dago. Gela aukeraketarekin bezala, ezinbestekoa da tarifak ondo begiratzea ezustekoak saihesteko.

Koadroak 4 aldagai ditu:
- Pertsona kopurua: garrantzitsua da soilik gosaria barne duen tarifa bat aukeratzen badugu, prezioa aldatuko baita.
- Prezioa: egonaldi osorako gela bakoitzeko prezioa adierazten du.
- Tarifaren xehetasunak: zer sartzen den eta zer ez adierazten du. Normalean ezeztatze politika (erreserba baliogabetu daiteken edo ez) eta gosaria (barne dagoen edo ez) zehazten ditu. Hotel batzuk aparkalekua edo beste zerbitzu batzuk (spa adibidez) barne dituzten tarifak ere argitaratzen dituzte.
Beltzez idatzita dauden zerbitzuak ez daude tarifan sartuta, berdez idatzita daudenak aldiz bai. Kontuan hartu hau gosariarekin, batzuetan ez baitago oso argi adierazita. Adibide bat:

Goiko adibidean gosaria ez dago tarifan sartuta, eta diote 23€ balio duela pertsonako eta eguneko, hotelean ordaindu behar da. Beheko adibidean gosaria tarifan sartuta dago.
- Gela kopurua: Tarifa bakoitzarekin zenbat gela erreserbatu nahi diren zehazten du.
Gela motak eta tarifak begiratu ondoren, aukeratu bat eta idatzi 1 zenbakia Seleccionar habitaciones aldagaian. Jarraian, klikatu Reservaré-n aurrera jarraitzeko.
Erreserbaren berrespena eta aldaketak
Ondorengo orrialdean gure datuak sartu beharko ditugu erreserbarekin aurrera egiteko. Ezkerreko zutabean egonaldiaren xehetasunak topatuko dituzu (komeni da gainbegiratzea) eta eskuinekoan zure datu pertsonalak sartu behar dituzu. Identifikazio datuak eta kontaktuko datuak derrigorrez bete behar dira, behealdean agertzen diren iradokizunak (hotelera iritsiera ordua, zerbitzu gehigarriak…) berriz, aukerakoak dira. Ez bazaizkizu interesatzen, hurrengo atalera igaro.

Orrialde azpialdean klikatu Siguiente azken izapidera igarotzeko, banku txartelaren datuak. Atal honetan, Bookingek banku txartel baten datuak emateko eskatuko dizu. Aukeratu duzun tarifaren arabera, egonaldia ordaintzeko edo erreserba bermatzeko soilik erabiliko da txartela
Erreserba bat bermatzeko txartel bat erabiltzerakoan, hasiera batean behintzat, egonaldiaren kostua ez da bertan kobratuko, ordainketa hotelean egiten baita. Hala ere, erreserba dataz kanpo deuseztatuz gero edo hotelera ez azalduz gero, berme txartel hau deuseztatze kostuak kobratzeko erabiliko da.
Bookingi banku txartel baten datuak ematea hotel bati zuzenean ematea bezain segurua da.
Txartelaren datuak idatzi ondoren, amaitu erreserba azpialdeko Reservar botoian sakatuz.
Erreserbaren berrespena
Erreserba amaitu ondoren, zure erreserba konfirmatuta dagoela dioen leihotxo bat zabalduko da. Momentu honetan, zure erreserbaren berrespen dokumentua deskargatu dezakezu Imprimir versión completa-n klikatuz. Edonola ere, email bidez jasoko duzu zure erreserbaren konfirmazio agiria lehenago adierazi duzun email helbidean.

Berrespen emailean erreserbaren xehetasun guztiak errepasatu ditzakezu. Normalean ez da beharrezkoa izaten konfirmazio dokumentua hotelean erakustea, bezeroen izen abizenak ezagutzen baitituzte aurretik. Hala ere, gomendagarria da dokumentua eskura izatea (inprimatuta edo euskarri digitalean), erreserbatutakoaren eta jasotako zerbitzuaren artean desadostasunik egongo balitz, zer erreserbatu den frogatu ahal izateko.
Erreserba aldatzea
Aldaketak ahalbidetzen dituen tarifa bat erreserbatu baduzu, jarraian azalduko dizut nola deuseztatu edo aldatu zure erreserba. Booking bitartez erreserbatu duzunez, plataforma honek du erreserbaren kontrola, ez hotelak. Honek esan nahi du aldaketa oro Bookingen orrialdearen bitartez egin behar dela. Aldaketak egiteko asmoz hotelarekin harremanetan jarriz gero, Booking bitartez egiteko eskatuko dizute.
Erreserbak aldatzeko modu ugari daude, guk Bookingen kontu bat edukitzerik eskatzen ez duten bi modu ikusiko ditugu:
- Aldaketa estekaren bitartez: emailean jasotako konfirmazio mezuan botoi bat dago zure erreserbaren kudeaketa panelera sartzeko. Esteka mezuaren erdialdean topatuko duzu:

- Erreserbaren datuak eskuz sartuz: Edozein arrazoirengatik ezin baduzu aurreko esteka erabili, zure erreserbaren kudeaketa panelera eskuz sar zaitezke. Erreserbaren konfirmazio mezuan, goialdean eskuinean, 2 datu ikusiko dituzu: número de confirmación eta PIN. Bi datu hauek ondorengo estekan sartuz zure erreserba kudeatu dezakezu.
Bi aukerek orrialde berera eramango zaituzte. Erreserbaren kudeaketa panelera sartutakoan, eskuinaldean topatuko dituzu eskuragarri dauden kudeaketa aukera guztiak.

Hemen egin ditzakezu behar dituzun aldaketa guztiak, eta egindako aldaketa bakoitzeko konfirmazio berri bat jasoko duzu emailean.
Ondorioak
Eta honekin nahikoa behar luke! Booking.com zer den ikusten hasi gara, pausoz pauso jarraitu dugu Bookingen hotelak online erreserbatzeko prozesua eta plataformak eskaintzen dituen bilaketa tresnak ezagutu ditugu. Jadanik gai zara hotelak Bookingen erreserbatzeko modu erraz, azkar eta eraginkorrean. Noski, geroz eta denbora gehiago igaro webgunean, hobeto ulertuko duzu eta gauzak azkarrago egingo dituzu. Segi Bookingen sakontzen!

